Txorierriko 14 enpresek euskararekin konpromisoa hartu dute HABIA proiektuan
Ekimena “lan eremuan euskararen erabilera aktibatzen duen ekosistema egoki bat sortzeko” sortu da, eta enpresei beren ibilbide pertsonalizatua diseinatzen laguntzen die.
Txorierriko eskualdeko sektore guztietako 12 enpresak eta Lanbide Heziketako 2 ikastetxek euskararen eguneroko erabilera bultzatzeko konpromisoa hartu zuten atzo, HABIA egitasmoarekin bat eginez. Txorierri Zerbitzu Mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin, bultzatutako ekimena eskualdean sortu da “ekosistema egoki bat sortzeko”, euskararen erabilera lan-eremuan “aktibatzeko”, enpresei beren ibilbidea diseinatzen laguntzeko eta konpromiso horretara enpresa berriak erakartzeko erronkarekin.
Proiektua asteazken honetan aurkeztu zen Kultur Birikan (Derio), eta bertan izan ziren Sonia Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Sailburuordetzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazioko zuzendaria, Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatua, Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria, Txorierriko alkateak eta Jon Ander Aurrekoetxea Txorierriko Zerbitzu Mankomunitateko presidentea eta Lezamako alkatea. Azken horrek eskerrak eman zizkien enpresei euskararekiko erakutsitako konpromisoagatik, eta erakundeei ekimenari emandako laguntzagatik.
Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko diputatuak euskarak enpresa munduan duen “balio erantsia” azpimarratu zuen, eta “euskararen kudeaketa onak enpresen lehiakortasunean” eragiten duela ere adierazi zuen.
HABIA sektore guztietako 12 enpresaren eta Lanbide Heziketako bi ikastetxeren atxikipenarekin sortu da. Azken hilabeteotan Ahize-AEK enpresako teknikariekin lanean aritu dira euskararekiko konpromisoa helburu zehatzetan gauzatzeko, lan-eremuan euskararen erabileran aurrera egin ahal izateko. “Enpresa bakoitzak bere ibilbidea eta abiadura ditu, eta enpresa bakoitzaren neurrira egindako jantziekin lan egingo da”, azaldu zuten arduradunek.
Proiektuak eguneroko lanean euskara erabiltzen duten enpresen sare bat sortu nahi du, jardunbide egokiak partekatzeko eta konpromiso horrekin bat egin nahi duten enpresa berrientzako eredu eta pizgarri izateko.
Atxikipena sinatu zuten enpresak:
1. Aberekin
2. Afesa
3. Azurmendi
4. Batz Zamudio
5. Biolan
6. Biwak
7. Lantegi Batuak
8. Lorra
9. Naguspea
10. Ondoan
11. Patxikoop
12. Skunkfunk
13. Nekazaritza Eskola
14. Politeknika Txorierri