Durangaldeko enpresek euskararen aldeko konpromisoa berretsi dute urte amaierako ekitaldian, 50 LANDUEkide jada
Iurreta LHIIa eta Maristak Durango Ikastegia partaide diren Landue egitasmoan, Lanbide Heziketa Duala eta lana euskaraz sustatzeko elkarlanerako konpromisoa berretsi da.
Gaur goizean, Durangoko Elkartegian, LANDUE 2025 urte amaierako ekitaldiak 60 pertsona baino gehiago bildu ditu: eskualdeko enpresetako ordezkariak, erakundeetako arduradun politikoak eta hizkuntza-normalizazioko eragileak. Ordubeteko topaketa bizia izan da, non 2025eko balantzea egin, praktika onak partekatu eta etorkizunerako konpromiso berriak hartu diren.
Mertxe Mugika Ahize-AEKko kideak eta LANDUE proiektuko aholkulariak gidatuta, ekitaldia erakunde sustatzaileen agurrarekin hasi da. Idoia Otaduy Durangaldeko Mankomunitateko presidenteak, Sonia Rodriguez Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendariak, eta Isaac Amezaga Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak berretsi dute egitasmoarekiko babes osoa eta elkarlanaren garrantzia.
2025. urtea oparoa izan da LANDUErentzat: Euskaraldian parte-hartze masiboa izan dute sareko enpresek (28 enpresa eta 1.500 langile ingururi eragin die), LANHITZ dirulaguntzei esker proiektu sendoak garatu dira (hizkuntza-politikak, praktikaldien euskalduntzea, barne-erabilera…) eta, egitasmoko hitzarmenkide batek, SORLAND enpresak, abenduan Bikain ziurtagiria jasoko du. Era berean, “Esku-hartze espresa” zerbitzu berria aurkeztu da: enpresek modu azkar, erraz eta merkean beren irudi digitala (webguneak, sare sozialak, app-ak…) euskalduntzeko aukera.
Enpresen esperientziak zuzenean entzuteko tartean hiru enpresek hartu dute hitza:
- Eneritz Zabalak (BAQUE, LANDUEkide beteranoa, egitasmoan hasieratik dago) markaren lanketan euskarak duen presentzia eta funtzioari buruzko hausnarketa sakona aurkeztu du.
- Amaia Kalzakortak (BRUSS, baita LANDUEkide beteranoa hasieratik) eta Galder Uriartek (PATXIKOOP, joan den urtean Txorierriko HABIA proiektura batu zena) beren enpresetan garatutako “Euskara-tratuak” dinamika azaldu dute. Azpimarragarria da 2025ean Bizkaian 20 enpresatan baino gehiagotan martxan jarri dela egitasmo hori, langileen arteko euskararen erabilera naturala areagotzeko.
Ekitaldiaren unerik hunkigarriena sinadura-ekitaldia izan da: 2025ean LANDUEra batu diren enpresa berriak aurkeztu eta hitzarmenak sinatu dira Idoia Otaduyk zuzenduta. Ondoren, sareko kide guztiek talde-argazki kolektiboa atera dute.
Honako hauek dira hitzarmenkide berriak:
- ANBOTO
- GARAIA OSASUNERAKO SUSTAPENA
- TAULA
- BIOLUR
- ERLIA
- EVEC
- WE ARE CLICKERS
- CUMENORTE
- SOLATSU TELLERIA ESPAZIOA
- SMURFIT WESTROCK NERVION
- LATXABERRI
- FURESA
Amaieran, abenduaren 3ko Euskararen Egunerako erronka plazaratu da: “365 egun euskaraz”. Bertaratuek kartel handiarekin bi argazki masibo atera dituzte eta konpromisoa hartu dute egun horretan bezeroei, hornitzaileei eta ingurukoei mezu bat euskaraz bidaltzeko. Ekitaldia mokadu eta elkarrizketa-saio informal batekin amaitu da.
Idoia Otaduyk – Durangaldeko Mankomunitateko presidentea – Eskerrik beroenak eman dizkie hitzarmenkide berriei eta LANDUEkideei “urte osoko lan etengabeari esker enpresen sarea hedatzeagatik”. “Durangaldean euskararen erabilera indartzea da gure helburua, enpresa eta erakunde bakoitzaren errealitatera egokituta. Hitzarmenkideen konpromisoari esker, euskara gero eta presenteago dago eskualdeko lan-munduan, kaleetan eta eguneroko bizitzan, eta horrek guztia gehiago indartzen du.”
Sonia Rodriguez – Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Ikerketa eta Koordinaziorako zuzendaria:
Elkarlana eta elkarlanean aritzea funtsezkotzat jo du eta LANDUE bizirik eta osasuntsu dagoela baieztatu du.
Eusko Jaurlaritzak Lanera prozesua jarri du abian eta horren bitartez LANDUE bezalako proiektuak lagunduko ditu indartsuago eta eraginkorragoak izateko. Proiektu guztiak batu nahi dituzte eta sarea sortu “eremu sozioekonomikoan euskararen gaineko indarrak batzea oso garrantzitsua” baita.
Isaac Amezaga – Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendaria)
Euskara indartzeko, tokiko erreferenteak eta esperientzia errealak ezinbestekoak direla nabarmendu du eta erabilera sustraitzeko egindako lana partekatu eta bistaratzea funtsezkoa dela azpimarratu du.
(Eneritz Zabala – BAQUE)
Aurten, proiektu oso bat martxan jarri dute. Haien arreta hizkuntza-politika zehaztean jarri dute eta euskarari toki koherente eta zehatza eman nahi diote. 2026rako hainbat neurri bideratzen joango dira.
(Amaia Kalzakorta – BRUSS)
Enpresak hizkuntza politika finkatu du, eta zuzendaritza eta Euskara Batzordea elkarlanean ari dira. Proiektuaren barruan, barne-funtzionamendua eta dokumentazioa euskaraz lantzen dute, euskara hurbil eta inklusiboa sustatuz, LANHITZ dirulaguntzaren eta hizkuntza-aholkularitzaren laguntzarekin.
(Galder Uriarte – PATXIKOOP / HABIA)
Erakundeak hizkuntza-politika finkatua du eta, 40. urteurrena baliatuta, euskararen erabilera indartzen ari da barnean zein kanpoan. Hizkuntza-aniztasun handiko testuinguruan, urrats txiki baina iraunkorren bidez, arreta eta zerbitzua euskaraz eskaintzeko konpromisoa berretsi dute.
LANDUE Durangaldeko enpresetan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko komunitatea da. Durangaldeko Mankomunitateak, Eusko Jaurlaritzak, eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute eta Ahize-AEKk koordinatzen du. 2025ean 30 enpresak baino gehiagok osatzen dute sarea.