Lanbide Heziketa Duala euskaraz egiteko aukera handitzen ari da Gipuzkoan

Gipuzkoan gero eta lantoki gehiago dago Lanbide Heziketako ikasleen egonaldiak, bai Lantokiko Prestakuntza edo Formazio Duala euskaraz egitearen aldekoak. Testuinguru honetan, hauek guztiak batuz LH DuaLa Euskaraz egitasmoa abian jarri dute Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketa Sailburuordetzak eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzak, eta LANEKI elkarteak.

Azken urteetan erakunde askok egindako lanak eragina izan du, LH Duala euskaraz egiten den lantokien kopurua matrikulatuen % 40 baita, hain zuzen ere. Zentzu horretan, LH DuaLa Euskaraz egitasmoak joera hori indartzea du helburu, euskaraz ari diren lantokien komunitatea sendotuz. Egitasmo berri honen abiatzeak azken urteetan antzemandako joerari erantzuten dio. Izan ere, Gipuzkoan 2017-2018 ikasturtean 1.633 ikaslek egin zuten Lanbide Heziketa Duala euskaraz, eta 2019-2020 ikasturterako kopurua 1.801era igo zan. Modu horretan, batez beste Euskal Autonomia Erkidegoaren gainetik kokatzen da Gipuzkoa, Lanbide Heziketa Duala euskaraz egiten duten ikasleei dagokionez. Hori dela eta, Ainitze Blanco, Lanekiko presidenteak azpimarratzen du, LH DuaLa Euskaraz  marka berri honen helburua da Lanbide Heziketa Duala euskaraz eskaintzen duten lantokiak gero eta gehiago izatea, euskaraz ikasten ari diren ikasle guztiek (erdaraz ari direnek ere bai) egonaldiak euskaraz egiteko aukera izan dezaten.

Euskaraz, balioa erantsi lanari

Egitasmoak, Euskaraz, balioa erantsi lanari! mezua nabarmendu nahi du. Horretarako lhdualaeuskaraz.eus webgunea sortu da eta bertan emango da egitasmoaren berri, LH Dualak dakartzan onuren berri eta sortu diren baliabideen berri (marka, autodiagnostikoa, geomapa…). Buletin digital bat ere argitaratuko da hori guztia azalduz.

Azken lau urteetan, Gipuzkoako eskualde guztietan eskaini da Lanbide Heziketa Duala euskaraz egiteko aukera, lurraldeko 89 herrietatik 66tan kokatzen diren lantokietan hain zuzen, 26 lanbide arlo uztartuz, sektore guztietan.

Lantokietan egiten diren egonaldiak aberasgarriak dira ikasleentzat zein lantokientzat, Nora Amorena, Ikaslan Gipuzkoako presidentearen iritziz, “alde batetik ikasleak mundu erreala ezagutu, eta bestalde lantokiak etorkizuneko profesionalak bere lan egiteko modura heztea ahalbidetzen baitu”. Ideia horri jarraiki, Julen Elgeta, Heteleko presidenteak nabarmentzen duenez, “ikastetxeetatik Lanbide Heziketa euskaraz egitea gero eta gehiago bultzatzen dugu, guztion onerako delako”.