Industriatik euskarari ateak zabalduz

FAGOR TALDEAK URTEAK DARAMATZA EUSKARAREN ALDEKO EKIMENAK MARTXAN JARTZEN LANTOKIAN, LANTOKIAN HIZKUNTZAREN NORMALIZAZIOA BERMATZEKO HELBURUAREKIN

Fagor Taldea zortzi kooperatibaz osatutako talde industriala da, gaur egun egun 4.000 langile dituena eta 150 lagunez osatutako Euskararen Batzorde propioa duena. Fagor Taldeak lan munduan euskara normalizatzeko apustu sendoa dauka, eta horren alde lanean dihardu. Euskararen erabilera egunerokoan bultzatzeaz gain, negozio bolumena dela eta euskaldunak ez diren profesionalekin lan egitea tokatzen den momentuetarako ere hizkuntzaren erabilera egokirako protokoloa garatua dute. Bertan formazio planak egoera bakoitzera egokitutako edo alternatiba egokiak hartzen dituzte aintzat.

LH DuaLa Euskaraz egitasmoarekin bat

Leire Okarantza, Fagor Taldeko Gestio Sozialeko arduradunaren hitzetan, “arlo profesionaletik ezin da ahaztu gizarteak ikasleei euskarazko heziketa bat izateko aukera bermatzeko egindako ahalegina”. Beraien iritsiz, ikasketak euskaraz egin dutenek LH DuaLa euskaraz egiteko eskubidea pausu naturala beharko lukete izan, eta taldeak, gizartearekiko duen erantzukizunaren baitan, pausu hau ahalbidetzea ezinbestekotzat jotzen du. Hori dela eta, Fagor Taldean eskubide hau bermatzeko tresna konkretuak dituzte. Okarantzaren hitzetan, “aitortu behar dugu batzuetan LH DuaLaren %100a ezin dela euskaraz burutu, lantokiaren errealitatearen arabera agian proiektu bat atzerrian garatzea tokatu ahal delako”. Hala ere, Gestio Sozialeko arduradunak nabarmentzen du egonaldia euskaraz egin nahi duen ikasle horri bere eskubidea ahalik eta gehien bermatzeko neurriak hartzen dituztela: “ikasleentzako euskarazko proiektu eskaintza zabala aurkezten saiatzen gara, eta horrez gain, ikasle bakoitzari esleitzen zaion arduradunak euskara behintzat ulertzeaz arduratzen gara”. Gainera, langile berriak taldera gehitzeko unean, euskararen ezagutza abantaila konpetitibotzat jotzen da, egiten den lanari balio erantsia eskaintzen diolako.

Aitortza euskararen aldeko jardunari

Fagor Taldeak Gipuzkoako Foru Aldundiak ematen duen Abaddia Saria eskuratu du 2021. urtean. Saria eman duen epaimahaiak ulermena ziurtatzea, arnasguneak bultzatzea, euskarari funtzio propioak ematea eta euskara enpresako sistemetan txertatzea aitortu dio taldeari, urte luzeetan euskararen normalizazioaren alde egindako lana balioan jarriz. Leire Okarantzak balioan jarri nahi izan du taldeak jasotako aitortza: “Ez dugu euskara bultzatzen etekin ekonomikoa jaso, negozioa egin edota gizarte aitortza jasotzeko, baina eskertzekoa da norberaren lana kontuan hartzea eta lanean jarraitzeko motibazioa pizten du”.