Euskarak lantokian duen egoera ezagutzeko autodiagnostiko tresna berria jarri du martxan “LH DuaLa Euskaraz” egitasmoak

LANEKI ELKARTEAK ETA GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAK ELKARLANEAN GARATUTAKO GALDETEGIAK LANTOKIAN IKASLEEK EGITEN DITUZTEN EGONALDIETAKO EUSKARA MAILA EZAGUTZEA AHALBIDETZEN DU, HIZKUNTZAREN PRESENTZIA ARLO PROFESIONALEAN HOBETZEA HELBURU IZANIK

  • Galdetegia 30 galdera laburrek osatzen dute eta 5 minututan osatu daiteke.
  • Lau aldagai hartzen ditu kontuan euskararen paisaia baloratzeko: harrera, hizkuntza paisaia, lankideak eta instruktorea.
  • Galdetegiaren emaitza izango da, lantoki bakoitzaren neurriko gomendio sorta bat.

“LH DuaLa Euskaraz” egitasmoaren baitan Laneki Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako lantokien euskara maila ezagutzea ahalbidetzen duen autodiagnostiko tresna garatu dute. Autodiagnostiko tresna 30 galdera laburrez osatutako galdetegi bat da, lurraldeko sare profesionaleko edozein lantokik 5 minututan bete dezakeena eta “LH DuaLa Euskaraz” egitasmoan parte hartzeko lantokiaren egungo balorazioa argitaratzen duena, enpresan euskarak duen presentzia ezagutzeko aurreneko gerturatzen bat egin ahal izateko. Galdera horiek lantokiaren egunerokoan euskarak duen presentzia agerian uztea dute helburu, eta balorazio bat egiteko, tresnak lantokiak jasoko duen ikaslearekin zuzenean lotzen diren lau aldagai hartzen ditu kontuan: harrera, hizkuntza paisaia, lankideak eta instruktorea. Modu horretan, lantoki bakoitzak duen euskara maila ezagutu daiteke eta hobetzeko gomendioak jaso. Autodiagnostiko tresna estekan sakatuta erabili daiteke: jakinbai.eus/autodiagnostikoa

“LH DuaLa Euskaraz” egitasmoa osatzen

Autodiagnostiko tresna honekin, “LH DuaLa euskaraz” egitasmoak lantokien esku jartzen duen zerbitzua osatzen da. 2020-2021 ikasturtean Gipuzkoan Lanbide Heziketa euskaraz inoiz baino ikasle gehiagok egin zuten, matrikulatuen %40ak hain zuzen, eta goranzko joera hori mantendu ahal izateko, baliabide egokiak jarri behar dira lantokien esku, autodiagnostiko tresna hau, besteak beste. Euskaraz arituko diren langileak izatea aberasgarria da edozein lantokirentzat, zerbitzu osoago bat eskaintzea ahalbidetuko baitio. Hori dela eta, ideia horri indarra emanez, egitasmoak Euskaraz, balioa erantsi lanari! mezua nabarmendu nahi du, lantokietan euskara txertatzeak epe luzerako abantaila ekarriko baitu. Horreagatik, lantokiek egitasmoa ahalik eta gehien zukutzeko aukera izan dezaten, LH DuaLa Euskaraz egitasmoak lantokien eskura jarri nahi ditu euskaraz bertako egunerokoan txertatzeko baliagarriak izango diren tresnak (marka, autodiagnostikoa, geomapa, Lanenpres gida…).