Lanbide Heziketako Lantokiko Prestakuntza eta Duala Euskaraz sustatzeko egitasmo berria martxan
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketa Sailburuordetzak eta Hizkuntza Politika Sailburuordetzak eta LANEKI elkarteak LH DuaLa Euskaraz egitasmo berria aurkeztu dute. Euskaraz, balioa erantsi lanari! lemapean, Lanbide Heziketan euskarak duen balioaren kontzientzia eta jarrera piztea nahi da. Helburu nagusia da, heziketa eta lana euskaraz garatzeak duen balioa ikusaraztea eta Lantokiko Prestakuntza eta Duala (LP-Duala) euskaraz ari diren lantokien komunitateko esperientziak aitortzea.
Egitasmo berri honek bere marka propioa du, LP-Duala euskaraz burutzeko hautuari nortasun propioa emate aldera, horretarako EUS laburdurarekin euskara nabarmentzen duen eta zigilu itxura duen irudi berria aurkeztu da. Euskaraz lan egiteak produktu edo zerbitzu profesionalei balioa eransten diela nabarmentzen du egitasmoak, eta aldagai horrek, lehiakorragoak eta lurraldearekin lotura handiagoa izaten laguntzen diela Gipuzkoako lantokiei. Horrez gain, datuei erreparatuz,
azken urteetan Lanbide Heziketan euskaraz matrikulatutako ikasleen kopuruak gora egin du, 2020-2021 ikasturtean matrikulatutako 16.364 ikasleetatik 7.948 euskaraz matrikulatu zirelarik, ikasle guztien %48a. Hori dela eta, gaur aurkeztutako proiektuak ikasgeletako errealitate horrek, lantokietan segida izatea du helburu, hezkuntzan egindako inbertsioak isla izan dezan Gipuzkoako lantokietan. Gainera, egitasmoaren nondik norakoak jasoko dituen webgune berri bat argitaratu da, www.lhdualaeuskaraz.eus atarian aurkituko dena. Orain martxan jarritako egitasmo hau iaz landutakoaren jarraipena dela, Euskaraz talentua gara! lema izan zuena. Web atari berrian informazio erabilgarria eskuratu ahal izango da, eta horrez gain Autodiagnostikorako tresna eta Geomapa kontsultatzeko aukera eskainiko du, sarbide zuzen bitartez.
LH DuaLa euskaraz egitasmoa ez da bere horretan gelditzen, komunikazio aktiboaren aldeko apustua duen egitasmoa baita. Izan ere, LH DuaLa euskaraz-ek bere komunikazio kanal propioak izango ditu, sare sozialak eta buletin digitala besteak beste, eta informazio-eskuliburu fisikoa ere eskuratu ahalko da. Egitasmoa 2021 urtean zehar garatuko da, eta amaiera ekitaldi bat antolatuko da parte hartu duten lantoki, ikastetxe eta ikasleak egindako lana aitortzeko. Gainera, egitasmoarekin bat egiten duten pertsonak protagonista bilakatzea da helburua, eta horretarako testigantza ezberdinak jasotzen dituzten bideo pilulak ikusgai egongo dira.
Abiapuntu berria
Egitasmoaren aurkezpena Gipuzkoako Foru Aldundian egin da eta bertan izan dira Garbiñe Mendizabal, Hizkuntza Berdintasuneko Foru Zuzendaria; Nicolas Sagarzazu, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Plangintza eta Antolaketako Zuzendaria; Miren Dobaran, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordea; eta Ainitze Blanco, Lanekiko Presidentea.
Garbiñe Mendizabalek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendariak azpimarratu nahi izan du iazko egitasmoaren jarraipena dela orain aurkezten den hau, eta marka irudi berriak adierazi nahi duen mezua azpimarratu du, hau da, arlo profesionalean, lan munduan, euskarak segida izan behar duela hezkuntzan egindako bideak; euskaraz ikasi duenak, euskaraz lan egin dezan. Gainera, gogorarazi nahi izan du egitasmoarekin zerikusia duten eduki guztiak antolatzeko webgune berri bat argitaratu dela, www.lhdualaeuskaraz.eus, eta bertan jasoko direla ekimenaren nondik norakoak.
Ondoren hitza hartu duen Nicolas Sagarzazuk nabarmendu duenez, Lanbide Heziketako matrikulazioaren bilakaera euskararantz ari da egiten gero eta konstantzia handiagoarekin,
eta gauzak horrela 2020-2021 ikasturtean Lanbide Heziketan matrikulatutako ikasle guztien artean %48tik gora dago jada euskara aukeratzen dutenen kopurua. Zikloen euskaratze planaren emaitza
bezala ulertu daiteke fenomeno hau, jada ikasketa zentroetan eragina izaten ari dena. Hala ere, Sagarzazuren hitzetan, “orain beharrezkoa da salto hau lantokiaren arloan ikusgai egitea”.
Jarraian, Miren Dobaranek, Euskara Eremu Sozioekonomikoan sustatzeko planaren berri eman du, eta egitasmo honek plan honekin duen lotura nabarmendu du. Bere interbentzioan, lantokietan euskararen kudeaketa aurreratua egiteko beharra aipatu du, eta hori ahalbidetzeko diru-laguntza bereziak martxan jarriko dituztela iragarri du.
Bukatzeko, Lanekiko Presidentea den Ainitze Blancok egitasmoaren nondik norakoaren xehetasunak eman ditu, bereziki marka berriari emanez garrantzia: “zigilu itxura duen marka berri honek euskararen nortasuna indartu nahi du Lantokiko Prestakuntza eta Dualean”. Gainera, gizarteak informazio guztia izan dezan, egindako apustua nabarmendu nahi izan du Blancok, “egitasmoaren nondik norakoak argituko dituen webgune berri bat edozeinen eskura jarriko da, informazioa uneoro eguneratuta. Aipatu web gunean, LP-Duala euskaraz egiteko informazio didaktikoa emango da; Eta baliabideak zabalduko dira, horien artean Geomapa, Autodiagnostikorako tresna, liburuxka promozionala eta buletin digitala. Egitasmoari bukaera ikasle, ikastetxe eta lantokiak bilduko dituen ekitaldi batekin emango zaio, hurrengo egunetan abian jarriko den lehiaketa baten sari banaketa barne izango duena.