Zubieta Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuan sortutako Agu. Pilates & ariketa fisikoa enpresak jaso du Ekintzailetza Euskaraz Saria

Hizkelan XI jardunaldian eman zaio Agurtzane Alkortari Ekintzailetza Euskaraz Saria, Zubieta LHIIn sortu duen Agu. Pilates & ariketa fisikoa enpresarengatik.

Ekintzailetza Euskaraz Sariaren helburua Lanbide Heziketaren esparruan sortutako enpresetan euskararen erabilera sustatzea eta aitortzea da. Eta honenbestez, sari honen bidez aitortza jasoko du, euskara eta euskal kultura sustatu dituen Lanbide Heziketako ekintzaileak.

Aurtengo Ekintzailetza Euskaraz Saria Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatuta izan da eta 2026 urteko Urratsbat proiektuko Agurtzane Alkorta ekintzaileari 1000 euroko saria eman zaio.

Aurtengo enpresa saritua Zubieta LHIIko Urratsbat proiektuaren baitan sortua izan da eta Maider Telleria Urratsbat dinamizatzailearen laguntza jaso du.

Epaimahaiak argi izan du sorreratik enpresa sortu berri honek, ezin-hobe betetzen dituela sari hau jasotzeko baldintzak. Enpresa honetan, egunerokoan, euskara erabiltzen da. Halaber, enpresako gainontzeko arloetan ere, logoan, sare sozialetan, zerbitzuan… euskara nagusitzen da.

Enpresa honek eskualdeko euskal komunikabideekin ere harreman estua izan du. Bertan iragarri dira enpresako zerbitzuak.  Bestalde, enpresaren berri emateko hitzaldiak eta elkarrizketak euskaraz izan dira. Hitzaldietan itzultzaile zerbitzua eskaintzen da euskara ulertzen ez dutenentzako.

Enpresaren sortzaileak euskara lehenetsi du zerbitzua emateko orduan. Hau guztiagatik, Ekintzailetza Euskaraz Saria izan da Zubieta LHIIN sortutako  Agu. Pilates & ariketa fisikoa enpresaren sortzaile eta nagusia den Agurtzane Alkorta andrearentzat.

Ekintzailetza Euskaraz Sariaren lehiaketa, Euskadiko Lanbide Heziketaren Ikerketa Aplikatuko Zentroa den Tknikak eta Laneki elkarteak elkarlanean antolatu dute eta aurten izan da lehenengo edizioa. Lanbide Heziketako ekintzaileen enpresa ekimena euskaraz saritzeko asmoz, datozen urteetan ere, Hizkelan jardunaldian banatuko da Ekintzailetza Euskaraz Saria.